buruko jauregi batean bizitzen jarri ziren biak

Transcript

buruko jauregi batean bizitzen jarri ziren biak
Nazario Orbek emazteari agindu bezala, probintziako hiriburuko jauregi batean bizitzen jarri ziren biak, han Regina-enean, non sei seme alaba izan baitzituzten, urtebeteko aldearekin
munduratuak, elkarren jarraian: Teofilo Maria, zaharrena,
1906an jaioa; Damaso Maria, Domingo Maria, Maria Bibiana,
Gabino Maria, eta Ada Maria, gazteena. Ohitura hura –haur bakoitzak zituèn bi izenetatik bat Andre Mariari eskaintzekoa–
amagandik zetorren, hain zen benetakoa honek Ama Birjinari
ziòn debozioa. Denborarekin, baina –Reginak, ezagutzen zituenen izenak osorik ahoskatzeko ohitura zuenak, bere ahizpa Ernestinarekin bakarrik egiten zuen salbuespena, hari Ernes deitzen
baitzion ia beti–, eguneroko harremanetarako astuna egiten zelako, edo, besterik gabe, praktikoa ez zelako, anai-arrebak “Maria”
hura, guztiak berdintzen zituena, galduz joan ziren, bereizten zituena nagusitzen zelarik; amari, baina, pena izugarria ematen
zion, sinetsia baitzegoen izenak zerbait eransten ziola izanari,
guztiz erabakitzen ez bazuen ere, ez zen hain inozoa… halako
moldez, non ahaleginak egin baitzituen ohitura hura mantentzearren, bi kasutan baizik lortu ez zuena, erdipurdi lortu ere: Teofilo Mariarena zen bata –Teo ere deitzen zioten batzuetan–, eta
Maria Bibianarena bestea: Bibi.
Jauregia eraikin modernista eder bat zen, bi zatitan banatuta
zegoena: lehenengoa eta garrantzizkoena, baita lekutsuena ere,
etxekoen egoitza zen, bere sarrera dotorearekin, orbetarren armarria aurrealdean; bigarrena, berriz, lehenengoari itsatsita zegoena
(barruko ate batek bereizten eta lotzen zituen bi espazioak) eta
sarrera nagusia eraikinaren atzealdetik zuena, gonbidatuen bizilekua zen; eraikinaren inguruan, azkenik, aterpe teilatudun bat zegoen –garaje aski hedatsu bat, bestela esanda–, eta lorategi bikain bat, txabola itxurazko bat ere bazuena, sukalde, logela eta
13
guzti, lorezainarentzat, baita, soropilarekin eta hamaika landare
apaingarrirekin batera, iturri bat eta zuhaitz tantai batzuk ere,
osotasunari halako ukitu monumental bat ematen ziotenak. Seme-alabak jaio eta haiek hazten hasi zirenean, gainera, bi zabu jarri zituen lorezainak, baita, aurrerago, zuhaitz tantai haietako batetik soka bat zintzilikatu ere, Nazarioren adostasunarekin, bai,
baina ez erabateko adostasunarekin, etxeko jaunak ezin ekidin
izaten baitzuen jolas-parke txiki itxurako hura zirkuaren irudiarekin lotzea, eta Beñardoren irudiarekin, azken batean, etxeko ardi
beltzarenarekin: berak, baina –Nazariok–, bazekien hura gehiegizkoa zela… aitortu ere, aitortu zion Reginari noizbait: exageratu bat naiz, badakit, nik ere ez bainuke besterik desiratuko haurra banintz, baina…; eta Reginak: hiriko lagun guztiek dituzte
halakoak beren etxe eta jauregietan, eta zaude isilik, mesedez,
Nazario; eta honek: arrazoi duzu, Regina…
Guraso eta seme-alabekin batera, hantxe bizi ziren, halaber,
izeba Ernestina –nesken institrutiza ez ezik, mutilen hezitzailea
ere bazena, bai hauek hamar urte bete bitartean, hamar urterekin
matrikulatzen baitzituzten Mariaren debozionisten ikastetxean
batxilerrari ekiteko, eta bai gero ere, heziketa eguneroko gaia den
heinean, sekula bukatzen ez dena– eta Ursula, mutilek, aitaren
izeba zen arren, amonatzat hartzen zutena.
Reginak garbi zuen bere seme-alabak handi nahi zituela eta
halaxe hazi eta hezi zituen, Nazarioren adostasunarekin, handikien hizkuntzan: gaztelania hutsean, alegia… nahiz eta bere bide
hartan amona Ursula izan zuen oztopo, amona Ursula beti mintzatzen baitzen euskaraz –atera ere, halaxe ateratzen zitzaion, barru-barrutik–, baita, denborarekin, gaztelaniaz ulertzera iritsi zenean ere: esan nahi baita Regina gogor saiatu zela Ursula beretakoa egiten –beti modu onean, nolanahi ere, Reginak bai baitzekien zer-nolako balioa zuen izeba Ursulak Nazariorentzat, honek
izugarri estimatzen baitzuen izeba… gurtu ere, gurtzen zuen, bere arrakastaren elementu ezinbestekotzat zuen neurrian–, alferrik;
Ursula, izan ere, herriko –baserriko– emakume bat zen, bertan
erro sakonak bota eta sekula hiritartuko ez zena, halako eran,
non berehala aurkitu baitzuen Regina-enean ere bere tokia eta
bere zeregina, lorezainaren arrimuan: utz iezadazu arrosak-eta
14
zaintzen, aspertuko naiz etxe honetan bestela…, “Lupus” izeneko
etxeko txakurraren ardura ere –baserriko txakur bera zen, Nazariok herritik ekarri zuena eta biziki estimatzen zutena, “latina ere
bazekielakoan”– bere gain hartzen zuen bitartean. Eta Nazario,
izeba Ursulak hartutako erabakiarekin ados. Baina egun batean
–handik bizpahiru urtera– txakurra hil, eta Nazariok agindu zion
lorezainari –lana egunez egiten zuèn berrogei bat urteko gizon
ezkondua zen hura, hiriburuan jaioa eta txakurretan ere aditua–
ekar zitzala eta hezi alemaniar ardi txakur bi, eta lorezainak ekarri, amona Ursulak haiei izena jarri –Mendi eta Sasi– eta, handik
aurrera, lorezainarekin batera, noiznahi zaintzen zituen berak ere
bi txakurrak bertatik bertara… nahiz eta bere kuttuna Mixmix
zen, Regina-enean zituztèn katuetatik –dozena erdi bat guztira–
katu beltz bakarra, amonak sarri askotan bere magalera bildu
–arrosarioa errezatzerakoan ez zuen hutsik egiten– eta hantxe
edukitzen zuena, hamaika fereka eta beste hainbat laztanen artean. Amona Ursulak, beraz, lorategia zuen entretenitzeko, txakurrak zituen, katu beltza zuen… kokazko ardoaren kopatxoak ere
bazituen, Marchais doktoreak gomendatutakoak, aita santu Leon
XIII.aren bedeinkapenarekin, eta, hala ere, batzuetan, herri-minak hartzen zuen; are gehiago: Regina-enean hamaika urte bete
ez beste hain handia egin zitzaion herri-mina –Mixmixen heriotzak ere izango zuen hartan zeresanik–, non herrira itzuli baitzen… ez orbetarrei bere ekarpena egin gabe, argi eta garbi baiezta baitaiteke anai-arrebek amona Ursulari zor ziotela Regina-enean ikasi zutèn euskara apurra, guztiek ulertzen zutena, baita lardaskatzen ere pixar bat… lardaskatu baino gehiago ere bai Maria
Bibianak eta Gabinok, ikasitakoa ahaztuz joan baziren ere, amonak Regina-enetik alde eginda gero.
Zerrenda osatzeko, bazen beste gizon bat, jauregian bizi ez
zen arren, igande askotan etortzen zena, gonbidatu gisa: aita Anizeto kalonjea; aita Anizetorena, baina, ez zen Reginaren kontua
izan, harena ere izan baitzitekeen markesa anderearen jokabidea
eredu zuen heinean, bere senarrarena baizik; Nazariok, izan ere
–probintziako hiriburura ezkondu eta handik gutxira utzi zuen
bibotea, aurrerantzean, kapela luzearekin batera, bere itxuraren
bereizgarri izango zuena–, bere ametsak zituen, apaiz egindako
15
bere anaiak ere –on Honoratok– gora egingo ez ote zuen Elizaren
egituretan, gaur apaiz, bihar kalonje, etzi gotzain eta etzidamu
auskalo, berak –Nazariok– bere negozioan gora egin zuen bezala;
baina Honorato gazterik hil eta hantxe zapuztu zitzaion Nazariori
anaiarekiko ametsa; baina eta Honoratok on Anizeto izan zuen,
irakasle ez ezik konfesore ere –“Nire ikasle kuttuna zen Honorato”
esaten zuen aita Anizetok noiznahi–, seminario garaian, halako
eran, non argi eta garbi utzi baitzuen Honoratok bere azken nahia
heriotzako orduan: ospa zitzala hiletak aita Anizeto kalonjeak;
handik sortu zen Nazarioren eta on Anizetoren arteko adiskidetasuna, gero eta handiagoa egin zena, gero eta estuagoa –aita Anizeto ere monarkikoa zen, fedekidea eta irizkidea–, harik eta Nazariok etxera gonbidatu zuen arte, bere kontseilari-aholkulari Mateo
Sukunza ingeniaria hil eta handik gutxira.
Ingeniaria, izan ere, gizon erabakigarria izan zen Nazarioren
bizitzan, Mateok bultzatu baitzuen ia estudiorik ez zuèn gizona
bere burua janztera, honengan halako jakin-min bat piztuz, edozein txolarte –etxean nahiz fabrikan– aprobetxatzera eraman zuena: horrela irakurtzen zituen egunkari asko eta asko, baita bere
pentsamenduarekin bat ez zetozenak ere, etsai ideologikoa hobeto ezagutzeko ahaleginean, Mateok berak aholkatutakoaren arabera; hil zen, baina, halako batean, Mateo; gelditu zen Nazario
umezurtz… eta orduan, Honoratoren irakaslearengana jo zuen
–aita Anizeto kalonjearengana, alegia–, hark bete zezakeelakoan
Mateok eta Honoratok utzi ziotèn hutsunea; aita Anizeto, gainera, teologian ez ezik, literatura katolikoan ere aditua zen –anaia
jesuita bat ere bazuen, hirian aski ezaguna aldizkari katoliko batean idazten zituèn artikuluengatik–, bere seme-alaben irakurketak
gida zitzakeena, kulturaren arriskuz jositako bideetan barrena
desbidera ez zitezen…
Regina-enean, izan ere, seme-alabak ziren, ume-umetatik, ongi baino hobeto zaindu beharreko altxorra, haiek orbetarren etorkizuna, haiek etxe hartako poza eta alaitasuna… hori noiznahi nabari zitekeen, 1918ko udazkeneko igande arratsalde euritsu hartako bazkalondoan, adibidez, anai-arreba guztiak egongelan zeudela
–Adak, gazteenak, zazpi urte zituen, eta Teofilo Mariak hamabi–,
nor bere marrazkia egiten, aita egunkariak irakurtzen ari zen bi-
16
tartean –hantxe zegoen aita kalonjea ere, etxeko jaunaren aldamenean, eginbehar bertsuan, antza, nahiz eta bere ahalegin hartan
lotan gelditu zen– eta ama eta izeba Ernestina puntu egiten. Neska-mutilek, edo burura zetorkièn lehen gauza marrazten zuten,
edo liburuetako marrazkiak kopiatzen edo kalkatzen zituzten, baita koloreztatzen ere jarraian, koloretako arkatzekin: liburu haietako gehienak Editorial Calleja argitaletxe ezagunekoak ziren1, izeba
Ernestinak edonoiz erabiltzen zituenak, dela neska-mutilei irakurtzeko, dela haiei irakurrarazteko, bere institutriz karguan: hain berekotzat hartu zuen, izan ere, izebak azkenean kargu hura, non,
haurrak jaioz eta haziz zihoazen bitartean, doña Engrazia maistraren irakaspenei jarraipena emateko asmotan, solfeo eta piano ikasketei berrekin baitzien adoretsu lauzpabost urtetan, musikari profesional baten akademian klase partikularrak hartuta; bestelakoan,
neska-mutilen hezibidean –bere logela ere neska-mutilen korridorean zegoen, gurasoen eta neskameen logeletatik aparte–, El tesoro
de las escuelas izeneko entziklopediatxoa erabiltzen zuen oinarri gisa, gai guztien inguruko bildumatxo bat bezalakoa zena; aurrerago, berriz, mutilak debozionisten ikastetxean hasi zirenean, haien
liburuez baliatu zen izeba Ernestina, neskei ere batxiler partikular
moduko bat emateko, harik eta bi ahizpak, koskorragoak egin zirenean, Arte eta Ofizioetako eskolan hasi ziren arte.
(•) Teofilo Maria, aitak txiki-txikitatik sartu baitzion buruan
bera zuela oinordeko, aitaren fabrika marrazten ari zen une hartan –eraikinak, aurrealdean, lau puntako izar erraldoi bat erakusten zuen nabarmen, eta azpian, ORBE, letra handiz idatzia–, tximinia batzuekin, zeinei kea eta kea baitzerien; airea, beraz, beltza
zen, eta horregatik, beharbada –horregatik, ziur– izarrak, hori
ezin horiago batez koloreztatu zuenak, protagonismo berezia hartzen zuen, hura balitz bezala izar guztien izarra, orbetarren izaeran dir-dir egiten zuèn izarrik garrantzitsuena, orbetarren ardatza, orbetarren bihotza. Teofilo Mariak maiz egiten zuen marraz-
1
1911n, haurrentzako mila izenburu inguruko katalogoa zuen argitaletxeak:
ipuinak, asmakizunak, jolasak, eta abar; handik gaztelaniazko esaera: “Tienes más cuento que Calleja”.
17
ki hura; edo, bestela, aitaren Historia de las grandes batallas liburua hartu, eta handik kopiatzen zituen marrazkiak, sukar sutsu
batek hartuta bezala, irudimenak gudu-zelaira eramaten zuen bitartean, Termopiletatik Gurutzadetara –Historiara pasatutako heroien artean Rikardo Lehoibihotz zuen lehen eta gogokoen– eta
Gurutzadetatik Waterloora, ezpatak ezpaten aurka, fusilak fusilen
aurka eta kanoiak kanoien aurka, dinbi eta danba. Edo Hans
Christian Andersenen berunezko soldadutxoa marrazten zuen
–soldadutxo bilduma bikaina ere bazuen Teofilo Mariak–, beste
soldadutxoen kontra jo eta ke… berunezko soldadutxoaren historiatik huraxe baitzen gehien gustatzen zitzaiona, soldadutxoak
aurrera eta aurrera egiten zuela, herrena zen arren, heroirik heroienaren antzera: esan nahi baita Teofilo Mariak nekez emango
ziola ipuin hari Adak edo Maria Bibianak ematen ziotèn interpretazioa, hauei gehien interesatzen zitzaiena berunezko soldadutxoaren eta neskatxa dantzariaren arteko maitemina baitzen, egin
ere, halaxe egiten baitzuten marrazkia bi ahizpek, soldadutxoa eta
neskatxa dantzaria eskutik helduta. Gero, gainera, jakin zutenean
Adak eta Maria Bibianak berunezko soldadutxoaren ipuina beste
era batean bukatzen zela –jatorrizko testuak, itzulpenak ez bezala,
aditzera ematen zuenez2, egun batean, leiho irekitik bat-batean
sartutako haize bortitz batek bultzatuta, neskatxa dantzaria sutara
erori, soldadutxoa atzetik joan, eta hantxe amaitu zuten berunezko bi jostailuek, suak sututa, bai, baina baita maitasunak itxuraldatuta ere, suaren baitan ikusten zèn berunezko bihotz bakarra
mirariaren erakusgarri–, eszena hura agertzeari ekin zioten biek
ala biek, suak eta berunezko bihotzak laburbiltzen zutèn eszena
zirraragarria.
(•) Damaso, debozionisten ikastetxean bigarren ikasturteari
ekiteko puntuan zegoena, irakasle sotanadun bat marrazten ari
zen, arbel handi batekin, non zatiketa bat agertzen baitzen –za-
2
Calleja argitaletxeak, literaturari eta moralari buruzko ikuspegi aski partikularra zuenak, oso itzulpen libreak egiten zituen, hemen hankaluzeak eta
han hankamotzak, testuak ere hainbatetan aldatuz, izenburuak zer esanik
ez: Grimm anaien Hansel eta Gretel ipuin ezaguna, esate baterako, Juanito
y Margarita izenpean argitaratu zuen.
18
tikizuna hogei zifrako zenbakia zen, eta zatitzailea laukoa–, zeinari Damasok orduantxe ekin baitzion. Matematikak eta xakea
baitziren haren zaletasunak –arrazoiaren arrazoizko arrazoiak
bilatzeko, baita arrazoirik ezkutuenak ere, mutil iaioa zen, anai-arrebak baino hagitzez ere iaioagoa–, ez zen harritzekoa haren
marrazkiek gai haiekin zerikusia izatea. On Anizeto kalonjeak
ederki aitortu zion meritua Damasori, lo-kuluxkatik iratzarri
eta neska-mutilek egiten zituztèn marrazkiei begira geratu zenean, Damasorenari bereziki:
–Mutil hau Pitagoras bat izango da noizbait.
Bestelakoan, Damasok ez zuen fantasia ez irudimena laket,
eta horrenbestez, nekez eramaten zuen ipuinekin lotutako gairik
orri zurira: behin edo behin, haatik, eraman zuen bakarren bat,
hala nola Hans Christian Andersenen “Arrosondoa eta barraskiloa” ipuina irakurri zuenean; ipuin hartan, mundura zabalik bizi
zen arrosondoa, eta barraskiloa, berriz, bere baitan, pentsatzen
eta pentsatzen beti: esan nahi baita ipuina, funtsean, bi protagonisten arteko elkarrizketa bat zela, bizitzan egoteko bi modu laburbiltzen dituena, halako eran, non arrosa halaxe mintzatzen
baitzaio barraskiloari, halako batean: “Ez al genieke besteei gure
onena eskaini behar? Egia da arrosak baizik ez dizkizudala eman,
baina zuk, hainbeste dohain dituzun horrek, zer eman diozu
munduari? Zer eman diezaiokezu?”; eta barraskiloak: “Munduari
eman…? Nik, baina, tu egiten diot munduari! Zertarako balio
du, izan ere? Niretzat ez du esanahirik. Segi, bai, zuk arrosak
ematen, horretarako bakarrik balio duzu-eta. Utzi gaztainondoari
bere fruituak ematen, eta utzi behiei eta ardiei esnea ematen, bakoitzak bere ikusleak ditu-eta, baita nik neurea ere, neure baitaren baitan. Horixe egingo dut, gainera: neure baitan bildu, eta
kito! Mundua ez zait interesatzen”. Izeba Ernestinak neska-mutilei ipuina irakurrita gero, bere galdera egin zuen:
–Eta zuek nor izan nahiko zenukete?
Damasok ez beste guztiek erantzun zioten:
–Arrosondoa!
–Eta zuk, Damaso? –izebak.
Damasori zehatz-mehatz begiratuta, edonork antzemango
zion –ipuineko beste barraskilo adimendun batek, adibidez– nola
19
luzatu zen erantzunean, zalantzak estutua zegoelako-edo: zalantzaren bi muturretan, berriz, bere sentipena egon zitekeen alde
batean, barraskiloarekin identifikatzera eramaten zuena, eta bestean izebaren eta anai-arreben iruzkinak sorraraz ziezaiokeèn deserosotasuna, harik eta erosotasunaren aldeko erabakia hartu
zuen arte:
–Nik ere arrosondoa, jakina!
Jarraian, baina, marrazki hura egin zuen, barraskilo bat arrosondo bati tu egiten erakusten zuena.
–Nor zara zu bietatik? –galdetu zion Domingok, errezeloz.
Damasok, baina, beste galdera batekin ihardetsi zion:
–Eta zuk zer nahiago duzu, tu egin edo tu egin diezazuten…?
(•) Teofilo Mariak, beraz, aitaren fabrika marrazten zuen;
Damasok irakasle sotanaduna, eta Domingok, etxeko bihurrienak, txori bat marrazten zuen: ume bihurri batengandik espero
ez bezala, ordea, mutila, hamar urte bete berri zituena, ez zen zepoan harrapatutako txori bat marrazten ari, ez ehiztari bat hari
tiroka… ez kaiolan kaiolatutako txoria, baizik eta kaiolatik ihes.
Jokabide hark bazuen bere arrazoia. Izan ere, Regina Domingoz
erditu zenean, txori bat leiho zabaldutik sartu, aurrez aurreko
horma jo, lurrera erori, eta bertan luze gelditu zen, zerraldo;
amari, baina, historiaren lehen zatia zitzaion atsegin, eta horregatik, haurra ulertzeko adinera iritsi zenean, honela kontatzen zion
Reginak gertatua:
–Ba al dakizu zu jaio zinenean txori bat sartu zela leihotik?
Historiaren funtsa jakin orduko, xehetasunak jakin nahi izan
zituen Domingok, eta orduan galdetu zion:
–Zer txori mota zen?
Eta amak, jakin bazekien arren txolarre bat izan zela –txolarrea bezalakoa zen, zinez, mutila, ipurtarina eta lotsagabea, saltoka hara eta hona beti, nor zirikatuko–, pasadizoa are ederragotu
nahian, honela esan zion:
–Kanario bat zen, hori-horia, zu ikusi orduko kantatzen hasi
zena, sehaska ertzeko zume batetik.
Batek ez zekien berezkoa ote zuen, edo haurraren psikologia
soineko bat ote zen, amak eta izeba Ernestinak kontatzen zizkiotèn istorioek ehundua eta baldintzatua, baina kontua da, bos-
20
pasei urte bete zituenetik, hegan pasatzen zirèn hegazti guztiak
ikusten zituela Domingok: enarak eta txirriak udaberrian, edo
ahateak eta antzarak udazkenean; ikustearekin batera, gainera,
irri zabala egiten zuen, baita eskutxoa luzatu ere, hegaztien norabidean, ikuskizunak liluratuta.
–Konturatzen al zara? –esaten zion Ernestinak Reginari–.
Zure seme hori zerura begira bizi da…
Eta hala zirudien, bai: oporretan aitaren herrira joan eta osaba Ismaelek, denborarekin ehiztari amorratua izatera iritsi zenak,
usotara-edo joan zitezen tentatzen zuenean ere, Domingo ez zen
joaten, Damaso eta Gabino ere, beste arrazoi batzuengatik, joaten ez ziren bezala –Teofilo Maria zen halakoetan osaba Ismaelekin joaten zèn bakarra, eta hura ere gutxitan, aitak inoiz eman
ziòn erantzuna, ehizazaletasunari buruzkoa, buru-buruan zeukalako, beharbada: “Ni ez naiz osaba Ismael eta ez naiz izango. Bestela esango nizuke usoak eta oilagorrak eltzeitsu hegalariak balira…”–, beste ehiza mota askotan trebea baino trebeagoa baitzen
Domingo, intsektuak harrapatzen eta akabatzen, esate baterako,
edo Regina-enea inguruko harresiguneetako sugandilak, hari-lakio batekin bereganatzen zituenak…, Regina-enetik tiragomarekin ateratzen ez zenean –zaletasun hura gerokoa izan zen, halere–, hiriko kale utzietako arratoiak helburu.
Mutilak, gainera, begiak ez ezik, beso-zangoak eta gorputz
osoa ere aireari emanak zizkion, antza, hain zen txikia eta arina, bizia bezain ernea, ihia baino malguagoa, jauzi eta zilipurdi, beti airean.
Eta ezkerra zen, eta hargatik ere jaso behar izan zituen belarrondoko batzuk, eskolan nahiz etxean, marrazteari edo idazteari
ekiten zionean oharkabean joaten baitzitzaizkion luma edo arkatza ezker eskura, hain zuen berezkoa jarrera hura, gizarteak ohitura eta gustu onen aurkakotzat zuena.
Haize-zurrunbilo txiki bat zen, zinez, Domingo… Baina,
haurrekin ohi den ez bezala, anaietan txikiena izateak, ez adinez
baina bai gorputzez –Gabinok Domingoren garaiera zuen garaitsu hartan, zortzi urte zituen arren, Domingok baino bi urte gutxiago–, ez zion arazorik ez konplexurik sortzen: aitzitik, txikiagoa izan nahi izaten zuen… horregatik egiten zituen, halaber,
21
makina bat marrazki, Charles Perraulten Erpurutxo protagonista
zutenak, hark bezala zaldi baten belarrira igo eta hura gidatzeko,
hark bezala barraskilo-maskor baten barruan lo egiteko, hark bezala hodeietan barrena sartu eta lapurrak oihuka salatzeko… edo
hark bezala ezohiko bidaiak egiteko, behi baten edo otso baten
urdail-hesteetan zehar, haiek irentsia izan ondoren: hark bezala,
Erpurutxok bezala…; edo beste muturrera jo eta erraldoiak eta
buruhandiak marrazten zituen, hain zituen atsegin haiek ere…
marrazki haiek guztiek mezu bat gordetzen baitzuten funtsean,
bere anai-arrebei zuzendua: “Zuek izaki itsusi beldurgarri bat
ikusten duzuen lekuan, izaki eder miresgarri bat ikusten dut nik,
berezi-berezia… Eta gehiago esango dizuet: halakoxea izan nahi
nuke nik neuk ere handitzean: gizon txiki edo gizon handi guztiz
berezia”; edo hodeitik zintzilik zeudèn zabuak marrazten zituen,
edo hiri inguruko mendixka batean egin berri zutèn funikularra,
izugarri gustatzen baitzitzaion han ere gora eta behera ibiltzea;
edo fantasmak marrazten zituen –debozionisten ikastetxean hasi
ez beste, fantasmak marrazteari ekin zion eta fantasmak bakarrik–, hainbesteraino liluratzen zuten, itxura batean, izaki fantastiko haiek, zeinetan itsu baino itsuago sinestera iritsi baitzen,
nahiz eta amak eta izebak behin eta berriro esaten zioten gezurrezkoak zirela… izeba Ernestinak pisuzko arrazoi batean oinarrituta, gainera, zeren etxe hartan El tesoro de las escuelas liburuak3
halako autoritate eta halako berme moral bat baitzuen etxekoengan, eta zeren izaki fantastikoei eskainitako orrietan esaldi bat
baitzegoen, izeba Ernestinak Domingoren aurkako argudio ezinbestekotzat zuena eta maiz erabiltzen zuena: “Txorakeria handia
da sorginen, hilen, fantasmen, iratxoen eta jende ezjakinaren beste mila asmakizunen beldur izatea”.
(•) Maria Bibianak atsegin zitzaizkiòn marrazkiak kopiatzen
zituen gehienetan –hartarako, santuen bizitzetara edo meza-libu-
3
“Todas las obras de instrucción y de recreo, publicadas por Saturnino Calleja,
de Madrid, han sido examinadas por un respetabilísimo tribunal, compuesto
de siete teólogos, presidido por un Ministro del Tribunal de la Rota, nombrado
expresamente para este objeto por el Excmo. e Ilmo. Sr. Arzobispo de MadridAlcalá, con fecha 30 de Septiembre de 1.893” zioen liburuak sarreran.
22
ruan gordetzen zituèn estanpetara jotzen zuen sarri–, ongi biribildu artean bukatutzat ematen ez zituenak, orain arkatza hartzen
zuela eta orain borragoma, akatsik tixikiena zuzentzeko asmotan,
hain zituen handiak pazientzia eta borondatea. Igande arratsalde
hartan, baina, ohi ez bezala, Errauskiñe ipuineko marrazki bat
hartu zuen modelotzat –printzea Errauskiñerekin azaltzen zen,
biak ere dantzan eta biak garaile, Errauskiñeren bi ahizpaorde
gaiztoen begirada jeloskorraren pean–, berak ere –Maria Bibianak– halako amets bat baitzuen, itxuraz –anai-arrebetan bera zen
zintzoena… esanekoena bai bederen–, jakin bazekielako, beharbada, bigarren planoari eustea zuela lehen planoa irabazteko modu
bakar, Errauskiñek azkenean irabazi zuen bezala, zeren, ebanjelioaren hitzetan, azkenak izango baitira aurren, eta aurrenak azken.
(•) Gabino –anai-arrebak gauza batean ados zeuden behintzat, gorabehera askotan eta askotan desadostasunak nabariak
izan arren: Gabino zela etxeko marrazkilaririk onena– haur bat
marrazten ari zen, baserri-inguru batean zegoena –urrutian baserri batzuk ikusten ziren behintzat, hiruzpalau mendiren magalean– eta xirula jotzen ari zena, nondik nota batzuk ateratzen baitziren, do-re-mi, do-re-mi… Goian, berriz, globo urdin bat agertzen zen, aingeru batzuen artean. Izan ere, Gabinok globoak
ikusten zituen ametsetan noizean behin –globo-globoak edo zepelinen antzekoak–, amets bakoitzean bat, kolore jakin batekoa:
horia edo gorria izan zitekeen, urdina edo berdea, zuria edo beltza. Bost-sei bat urte zituela, globo beltz bat ikusi, eta halaxe esan
zien anai-arrebei:
–Gaur zerbait gertatuko da, globo beltz bat ikusi dut-eta.
–Txorakeriak! –esan zion Damasok.
Egun hartan, baina, etxeko katuetako bat hilik azaldu zen,
inork jakin ez zergatik, hilotzak ez zuen bortxazko arrastorik
bederen.
–Eta orain zer esan behar duzu…? –kargu hartu zion Domingok Damasori, Gabinoren alde lerratuta.
Handik urte erdira, berriz, Gabinok beste globo beltz bat
ikusi zuen: egun hartan ez zen katurik ez txakurrik hil, ez berri
txarrik izan, eta orduan Damaso, errebantxa hartzeko aukera baliatuz, honela mintzatu zen:
23
–Esan nizuen gauza horiek guztiak txorakeriak direla.
Baina Domingo izugarria zen halakoetan, eta ez zen erantzunik gabe gelditu, Gabinoren alde aterata:
–Zuk zer dakizu zorriren bat hil den, edo barraskilo bat,
edo…?
–Zaude isilik, ¡ignorante, más que ignorante!
Ametsetan agertzen zitzaizkiòn globo haietatik, Gabinok, bere zorionarekin lotzen zituelako-edo, urdinak izaten zituen atseginen, agertu zitzaiòn lehen globoa ere –udako oporretan aitaren
herrira joaten zirèn egun haietako batean izan zen, artean bost
bat urte zituela– halakoa izan zuelako, ausaz, urdin-urdina. Mutila, beraz, bere amets hura interpretatzen egon zitekeen egiten
ari zèn marrazkian, globo urdin bat lehen aldiz ikusi zuenekoa…
halaxe zegoen seguruenik, zeren, Gabinok berak aitortzen zuenez, amets hura izan zuèn egunean, herriko lagunetako batek,
Luziano izenekoak, xirula bat egin baitzion kanabera batekin, eta
Gabinori hainbeste gustatu zitzaion oparia, non egun osoan aritu
baitzen jo eta ke –“Geroztik, beti azaltzen zaizkit xirularen notak
globo urdin txikien itxurapean” aitortuko zuen Gabinok aurrerantzean behin baino gehiagotan–, baita opor guztietan ere, musika-tresna bakunari mota bateko zein besteko hotsak –globotxoak?– ateratzen zizkiola.
Gabinok, izan ere, atsegin-atsegin zuen aitaren sorterrira joatea, eta atsegin-atsegin zuen, halaber, amona Ursula, halako moldez, non, amona Ursulak aitarekin izan zuèn eztabaidan, herrira
itzultzea nahi zuela-eta –“Zer falta zaizu, bada?” galdetu zion Nazariok izebari, honen erabakiaren berri jakin zuenean, eta izebak,
herriminak jota: “Ez zait ezer falta, baina guztia falta zait…”–,
amonaren alde atera baitzen Gabino:
–Kontatu aitari zer amets izan zenuen lehengoan, amona
–eta nola amonak halako keinu bat egin baitzuen, xehetasun hura garrantzi gabekotzat joko balu bezala (amonak berak asmatua
izan ote zen amets hura, Gabinoren munduan sartzeko eta harekin jolasteko modu bat ere izan zitekeena?), Gabinok berak jarraitu zuen–: Globo berde bat agertu zitzaion, herriko belardien
kolorea zuena…
24
–Ez zen globo bat izan –zuzendu zuen amonak–. Zelepin bat
izan zen.
–Zepelin bat! –zuzendu zuen, era berean, Gabinok, zeinak,
nola ikusi baitzuen ezen bere zuzenketak amonari irri xamur bat
piztarazi ziola, halaxe bukatu baitzuen bere jarduna, aitari zuzenduta–: Eta globo urdinak zoriontsu egiten nau ni, eta zepelin
berdeak egingo du amona…
Eta amona Ursula bere zepelin berdearen atzetik joan zen
egun batean, eta Gabinok esan zion:
–Ni ere gustura joango nintzateke zurekin herrira, amona.
–Badakik zer egin behar duan: udako oporretan etorri…
Ea ordurako ditxosozko hitz hori ikasten dudan… Nola esan
duzu: zenepil?
–Zepelin!
Eta Gabino hurrengo urtean herrira joan zen –anai-arrebetatik berak bakarrik nahi baitzuen, bera bakarrik joan zen, aitaren
bedeinkapen guztiekin, jakina–, baita uztail ezin hobea pasatu
amonarenean ere… Baina amona Ursula ohi baino nekatuago eta
konkortuago aurkitu zuen Gabinok, bere egonaldiaren azken hiruzpalau egunetan batik bat, halako eran, non halaxe esan baitzion handik alde egin beharreko egunaren bezperan:
–Gaizki al zaude, amona?
–Ni gaizki? –itxura egin zuen honek–. Nola egongo naiz
gaizki, ametsetan zepelin beltzik agertu ez bazait?
Baina ume-moko bat zen arren, ikusten zuena ikusten zuen
Gabinok… eta hala, bat-bateko tristura batek menderatzen zuela, malko batek egin zion irrist masailetan behera; gero, sentimenduari adierazpidea emateko bere denbora hartzen zuela, halaxe esan zion, ahotsa dar-dar:
–Ez dut zu hiltzerik nahi…
–Nork esan dizu hiltzera noala? Gainera, hil behar badut
ere… Lurra galdu behar baita zerua irabazteko, Gabino.
Gabinok, beraz, hain egin zuen amona Ursularen mundua
bere –mutilak iragana maite zuen, azken batean, amets egiteko
eremutzat ere hartzen zuena: handik bere zaletasuna, nerabezaroan piztu zitzaiona, fosilei eta antzinako aztarnei lotua–, non, beste anai-arrebek ez bezala, zeinek noiznahi erabiltzen baitzituzten
25
hiriko kaleak edo hiriko hondartzak edo hiriko ferietako atrakzioak beren marrazkien hondo gisa, baserriak eta mendiak marrazten baitzituen.
Baina bazuen Gabinok beste berezitasun bat: Gabinok, izan
ere, goitik behera taxutzen zituen marrazki guztiak –horregatik
zuen, beharbada, hitzak ere atzekoz aurrera jartzeko joera, beste
anai-arrebekin jolasean aritzeko bidea irekitzen ziona, nahiz eta
hauek berehala aspertzen ziren–, zerutik hasita, lehenik eta behin
eguzkia –edo ilargia– eta hodeiak kokatzen zituela, globoak eta
zepelinak, zerua ardatz balu bezala, eta lurra zeruaren eransgarri.
Guztiaz ere, etxeko nagusiak harritu egiten ziren:
–Aizu, Domingo zeruari begira bizi da, baina Gabino zeruan
bizi da –esaten zion Reginak Ernestinari.
–Zeruan ez dakit, lainotan bai…
Ongi zioen Ernestinak, mutil hura lainotan bizi zèn mutil
lañoa baitzen, ezer izatekotan; besteak baino artistago izan zitekeen, bai, baina baita tolesgabeago eta inoxenteago ere… bakartiago ere bai, halako moldez, non bai baitzirudien, batzuetan, mundutik isolatzen zela bere munduan –bere burbuilan– sartzeko.
(•) Ada oso gozozalea zen, eta horregatik, beharbada, igande
arratsalde hartan egiten ari zèn marrazkiak neska bat erakusten
zuen, etxe txiki bat jaten ari zena, Hansel eta Gretel ipuinean bezala, zeinean protagonistek basoan galdutako etxe bat aurkitu baitzuten, hormak ogi gozozkoak eta txokolatezkoak zituena, eta
leihoak azukrezkoak. Adak zazpi urte zituen, eta marrazkia oso
elementala zen, baina lerro nagusietan argi eta garbi adierazten
zuen bere intentzioa, nahiz eta, marrazkiari ongi erreparatuz gero,
bazegoen lerro bat edo beste, zalantzaren batek-edo eraginda…
egon ere, egon baitzitekeen Ada, azken batean, bere berezko desioaren eta beldur ezkutuen artean zatikatua. Izan ere, egia zen
ipuineko etxe hura umeak jaten zituèn sorgin gaizto baten tranpa
zela, umeak erakartzeko eta haiek harrapatzeko asmotan eraikia
–Ada izuak hartuta egon zitekeen, beraz–, baina egia zen, halaber,
Adak gehiago sinesten zuela bere loa zaintzen zuèn aingeru guardakoarengan sorginetan baino… bera ez baitzen Domingo bezain
ignorantea, antza, nahiz eta berari ere izugarri gustatzen zitzaiz-
26
kion ipuinak, eta askotan hortxe ibiltzen zen, bi uren arteko muga
estuan bezala, izaki fantastiko haietan sinetsi ez sinetsi.
Ada garaiko neska bat zen, eta, neska gehienei bezala, izugarri gustatzen zitzaizkion ipuinetan azaltzen zirèn amodio istorioak, baina baita –eta ez gutxiago– protagonistek egiten zituztèn
ekintzak ere, sorgin gaiztoren baten edo herensugeren baten aurkakoak: haietan, baina, mutilak ziren nagusi, eta horrek zapuzten
zuen Ada, eta hala, anai-arrebek Hansel eta Gretel eszeneratu
nahi izan zutèn egun batean –Teofilo Mariak eta Damasok ez zuten jolas haietan, normalean, parte hartzen, bai Maria Bibianak,
gogoz kontra bazen ere, ahizpa zaharrenak gehiago hartzen baitzuen bizitza obligazio moraltzat (anai-arrebez arduratzea bere
betebeharra zen, azken batean) jolasaren ertzeko entretenigarritzat baino–, Adak esan zuen:
–Ni Hansel izango naiz!
–Ez! Zuk Gretel izan behar duzu; edo sorgina, gehiago gustatzen bazaizu, neska zara-eta… –bota zion Domingok.
–Baina ipuin bat da, eta ipuinetan…
–Ipuinetan ere neskak neska dira eta mutilak mutil, eta ni ez
naiz neska.
–Bada, ni ez naiz jolasten.
–Marimutil, marimutil…!
(•) Neska-mutilek, marrazkiak bukatu ahala, elkarri erakusten zizkioten… edo gurasoei, izeba Ernestinari, edo don Anizeto
kalonjeari berari, haien onarpena jasotzeko; baina marrazteak eta
marrazteak neska-mutilak aspertzen zituen, halako batean, baita
igande arratsalde hartan ere… eta izeba Ernestinak esan zien:
–Aste honetan ere ipuin bat erosi dut eta nahi al duzue
irakurtzea?
–Baaaai! –esan zuten Domingok, Gabinok eta Adak, hirurek
batera, izebaren ingurura amen batean biltzen zirela, baita Maria
Bibiana ere jarraian geldiroago eta astiroago, Teofilo Mariak
(anai-arreben artean zaharrena zen, eta itxura hura eman behar
zuen) eta Damasok (ipuinak gero eta txorakeria handiagotzat
hartzen zituen) xake-taula atera, piezak kokatu eta jokoari ekiten
zioten bitartean.
Izeba Ernestinak, gero, ahatetxo itsusiaren ipuina irakurri zien.
27
Gora begira bizi zen arren, lurrarekiko eta lurtarrekiko eginkizunak zituen izeba Ernestinak bere bizimoduaren abiapuntu:
izeba, beraz, zentzuzko emakumea zen, eta bazekien neska-mutil
haiei askoz ere irakaspen xumeagoak eman behar zizkiela, ipuinen irakurraldiaren ondotik jakinarazten zizkienak, haien erakutsi eta erremate gisa:
–Ipuin honek erakusten digu guztiak izan gaitezkeela zisneak,
baita ahaterik itsusiena ere, eta ez dugula, beraz, inoren kontura
barrerik egin behar. Historia de Antoñito o un niño modelo irakurri
nizuenean, berdin esan nizuen. Hura ez zen familia aberatsekoa,
badakizue, baina zisne bat zen… eta ez harritu, alderantziz ere
gertatzen baita, familia aberats bateko seme-alabak ahateak izatea,
zuekin ez dadila halakorik gerta. Hauxe erakutsi nahi baitizuet
gaur, inortxok ezin duela inoren aurrean alardea egin, ezta aberatsik aberatsenak pobre baten aurrean ere, ulertzen didazue?
Izeba Ernestinak lau anai-arrebei bere erakutsia eman ez beste, aita Anizeto zutitu egin zen bere besaulkitik, baita Nazario
eta Regina ere.
–Gustura nago, baina alde egin beharra dut, beti bezala
–esan zien kalonjeak, zeinak ahots hunkituaz jarraitu baitzuen–:
Eskerrik asko, Nazario, eta eskerrik asko, Regina. Eta eskerrik asko, Ernestina. Bihotzez. Izan ere, gustua ematen du etxe honetara etortzeak, hain da ona eta alaia hemen aurkitzen dudan giroa.
Gehiago ere esango dizuet: niretzat kristau familiaren eredua zarete… zure anaia zenak, on Honoratok, halaxe esan zidan noizbait, Nazario, eta ederki egiaztatu dut nik geroztik hark esana.
Zorionekoa elkar ezagutu genuèn eguna!
Aita kalonjearenak ez ziren konplimenduzko hitzak… konplimenduzkoak ere izan zitezkeen arren, bazkari onak eta dijestio hobeak beti baitute beren eragina gorputz-arimen egoeran. Reginak
irri zabala egin zion aita kalonjeari, ez guztiz zabala haatik, apur
bat lotsa ere bazelako, ausaz; gero, lotsa apurra gainetik kentzeko
asmotan-edo, seme-alabei begira jarri, eta halaxe mintzatu zen:
–Bai, neska-mutil sorta bikaina dugu…
Reginaren irria biribila zen jada, une hartan sentitu zuèn zorionaren parekoa; Regina, izan ere, zoriontsu sentitzen zen, halaxe aditzera ematen zuen behintzat Nazariorekin eta Ernestinare-
28
kin izaten zituèn elkarrizketetan; gau hartan, adibidez, oherakoan, honela esan zion senarrari:
–Esan nizun noizbatit zoriontsuak izango ginela… eta zoriontsuak gara, Nazario.
–Bai, halaxe da –erantzun zion senarrak, serio; baina, emazteari irri pikaro bat luzatzen ziola, gehitu zuen–: Baina, orain gogoratzen naizela, ni zoriontsuagoa izan naiteke, baldin eta…
Gero, batu ziren irriak eta irritsak, batu ziren haragiak eta batu
ziren hasperenak, gorputzak abaildu eta odolak baretu ziren arte.
Nazariok arestian baino zoriontsuago zirudien, zinez.
***
Probintziatik hiriburura ezkondu eta bertara iritsi zirenean,
Nazariok eta Reginak, hiriburuaren anonimotasunean bi arrotz
baizik ez zirenek, denbora bat behar izan zuten, jakina, bertako
girora egokitzeko; harremanen munduan beren lekutxoaren jabe
egiteko ahaleginean, urratsez urrats ibili –urratsez urrats, bai, baina baita urrats sendoz bezain atzeraezinez ere– eta halaxe lortu
zuten helburua, lehen urratsean hiritar irizkideengana hurbildu
–Mateo Sukunza ingeniariak, Nazarioren maisu ideologikoa zenak, hiriburuko zirkulu monarkikoarekin harremanetan jarri
zuen– eta zirkulu hartako lagun-talde batez inguratzen zirela; gero, hasitako bideari jarraipena emateko, taldeko norbaiten etxean
biltzen ziren, orain gurean eta orain zuenean… edo hipikan biltzen ziren –han berehala egin zituen Nazariok, garai hartan zaldiz
ibiltzen ikasi zuenak, hiriburuko erregimentuko teniente koronel
bat eta bi komandante lagun– edo kasinoan, sona handiko hotel
bateko kafetegian ez zenean.
Monarkikoen artean baziren moderatuak, baziren eskuin
muturrekoak eta baziren eskuin muturrekoagoak: hauek, elizaren eta gizartearen sektorerik –mezurik– erreakzionarioenei men
eginez, aurrerapenaren eta industrializazioaren aurka zeuden, baita, ohituren ikuspegi soil batetik begiratuta, munduko agerraldi
gehiegizkoen aurka ere –festen eta dantzen aurka, bereziki–, beraiek ere mundukoak ziren arren mundua gorrotatuko balute bezala, eta, munduarekin batera, munduko bizitza. Nazario eta Regina, haatik, bizizaleak ziren –aurretik zuten bizitza osoa, ametsez
29

Documenti analoghi

Barcina Lehendakariak Azkoiengo Jofemar fabrika bisitatu du

Barcina Lehendakariak Azkoiengo Jofemar fabrika bisitatu du Jofemar-ko sukaldaritza-zerbitzuen Sentil operadoreak (2000. urtean hasi zuen bere jarduera) bere jarduera hurrengo hirurtekoan haztea espero du ere. Hazkunde-planek 55 lanpostu sortzea aurreikuste...

Dettagli